ANDRE MARIA · ARTEA ETA FEDEA
Ongi etorri Tolosako herrira eta bertako Santa Maria parrokiara. Tolosako jende prestuaren fede sendoaren eraginez eraiki zuten eliza bikain hau. Jende asko sartzen da gaur egun eliza honetan, nola bertako eliztarrak hala pelegrinoak edota Tolosa igarotzen duten merkatariak, batzuk kristau ospakizunetan esku hartzera eta otoitzerako isiltasun bila, beste batzuk bertako arte-lanak ikustera.
Tolosa herriaren historia aipatuko dizugu, arte-lanez eta espiritualtasunez betea dagoen toki honetan erabat sartu baino lehen. Oso aspaldikoa Tolosaren jatorria, jakina baita historia aurretik ere inguru hauetan giza taldeak bizi izan zirela; baina ez dugu garai haietako zantzu eta datu askorik, ezta erromatarren garaikorik ez.
Iruñan 1023an izandako kontzilioak ateratako dokumentu batean aipatua da lehen aldiz Tolosa; horrek dioenez, Iruñako Gotzaindegiaren ardurapean zegoen Tolosa. Hala egongo zen, harik eta 1862an Aita Santuak Gasteiz/Vitoriako Elizbarrutia eraiki zuen arte.
1256an hiri izena hartzeko eskubidea eman dion Gaztelako errege Alfontso X.a Jakintsuak. Toki estrategikoa zen Tolosa, Nafarroako erreinutik eta Gaztelakotik Kantauriko portuetara eta Frantziara joateko errepidea hemendik igarotzen zelako. Hori zela eta, ospe eta edertasun handiko hiri bilakatu zen Tolosa, 1844 eta 1854 bitartean Gipuzkoako hiriburu izateraino. Lehenago ere izana zen Gipuzkoako hiriburu, 1503ko sute izugarriaren ondoren, Gipuzkoa Korrejidorea (erregearen ordezkaria) Tolosan bizi zedila Batzar Nagusiek erabaki zutenean.
“Aspaldidanik, Santa Maria parrokia hau Tolosako herriaren erreferentzia izan da, kristau-fedearen eusle eta atsegin-atsekabeen agertoki”
Datu historiko hauek ikusi ondoren eta elizan bertan sartu baino lehen, egiozu begiratu bat elizaren aurrealde ederrari; goienean, erdian, kanpai-horma ikusiko duzu eta, aldamenetako ertzetan bi kanpandorre, barroko estiloko barandak bata besteari lotuak. 1761ean ekin zion Martin Carrera arkitekto beasaindarrak aurrealde hau eraikitzeari. Eliz atari gainean, Tolosako zaindari den San Joan Bataiatzailearen irudia dugu, Amasan bizi zen Santiago Marsili eskultoreak 1778an egina. Honen gainean, Tolosako ikurra ikus daiteke. Ate nagusiaren gainean, Jasokundeko Andre Mariaren irudi zurezkoa ikus daiteke.
Tolosak behin baino gehiagotan nozitu izan ditu sute handiak; aipatzekoak dira 1469an eta 1503an gertatuak. Azken honetan, lehengo parroki eliza kiskalia gertatu zen. Honen hondakinen gainean ekin zioten 1548an orain ikus dezakezun eliza hau eraikitzeari. Bi mendez luzatu ziren eraikitze-lanak. Berez, errenazentista estilokoa da eraikina, baina beste estilo batzuk ere hartu zituzten, urteak joan ahala. Orain ikus daitekeen eraikinean nabaria da, erretauletan eta aldareetan batik bat, estilo neoklasikoa, horixe erabili baitzuen Silvestre Pérez arkitekto aragoitarrak XIX. mendearen hasiera aldera egindako azken errestauraziokoan, 1781eko sutearen ondoren.
Santa Maria elizaren kanpoaldea soila da, apainduria gutxikoa; barrualdeak, aldiz, txundituak uzten gaitu, halako espazio arranditsu eta proportzionatua ikustean. Areto tankerako oinplanoa du, “hallenkirche” tankerakoa. Hiru habearte edo nabe ditu, garaiera berekoak, sei zutabe mardulek eutsiak. Donostiako Katedralaren ondoren, Gipuzkoako elizarik handiena da hau, 1.630 m2 duelarik.
Sar gaitezen elizan. Koru azpian kokaturik, eskuinaldean Izaskungo Andre Mariaren kapera ikusiko duzu; Tolosako zaindaria da. Irudia Julio Beobide eskultore zumaiar ezagunak egina da. Jatorrizkoa, XIV. mendekoa, parrokian gordea dago, eta honen faksimil bat dago kulturako jarria ermitan, Uzturre mendiaren magalean. Irudiaren atzean, leihotxo bat ikusiko duzu, Jaunaren Bataioa irudikatua duela, kapera hau garai batean Bataiotegia baitzen. Ikusgarria da Bataiotegiko ate erromanikoa, XIII. mendekoa. Toki honetan zegoen lehenengo elizakoa izan daitekeela diote batzuek. Eliza hura 1503an erretzean, San Esteban ermitan ezarri zuten, nonbait, eta ermita hau 1918an erretzean, toki honetara itzuli.
Sartu eta ezkerretara, Doloretako Andre Mariaren erretaula ikus dezakegu, 1781eko sutean salbatu zen bakarra. Churrigueresco (apaingarriz hornituegi) deritzan estilokoa da, Joan Bautista Sagües eskultore tolosarrak 1722 eta 1730 bitartean egina. Jaunaren Ama Nekeetakoa dago erdian, bere Semearen Nekaldia eta Heriotzagatik saminez. Alde banatan bi irudi ditu: ”Jesus zutabeari lotua” eta “Jesus gurutzea bizkarrean daramala”. Ama Birjinaren oinetan aingeruak ikus daitezke, Jesusen nekaldiaren sinboloak eskuetan dituztela. Aldareko mahaiaren azpian, Jesus hilaren irudia ikus daiteke, XIX. mendearen bukaerakoa. Garai batean, Ostegun eta Ostiral Santuetako prozesioetan atera ohi zituzten irudi hauek. Eskuinaldean, Jesus gurutziltzatuaren irudi bikaina ikus daiteke.
“Hain maite izan zuen Jainkoak mundua, non bere Seme bakarra eman baitzion, Harengan sinesten duen orok betiko bizia izan dezan”
Joan 3, 16
Zoaz orain erdiko trantsituan gora, elizaren aurrealderaino. Saihetsetako aldareetako erretauletan dauden irudi eta muralak ikusi ahal izango dituzu. Gertura zaitez horietara, nahi baduzu, xehekiago ikusteko.
Ezkerreko eta eskuineko hormetan, bata bestearen parez pare, hiruna erretaula neoklasiko handi ditu elizak, eta horien gainaldean hiruna mural, Bibliako zenbait gertaera irudikatuz.
Hegoaldeko horman, eskuinaldean, aurrena San Jose ikusiko duzu, esku batean makila loratua daramala eta bestea Jesus Haurrari luzatua diola.
Hurrengo erretaulan, erdikoan, Loiolako San Ignazio ikusiko duzu. Gipuzkoaren zaindaria da eta Jesusen Lagundi edo Konpainiaren (jesuiten) sortzailea. “Regulae Societatis Iesu” (Jesusen Lagundiaren Arautegi edo Konstituzioak) deritzan liburua darama eskuan. Irudi honen azpian Maria Antonia Bandrés Elosegi dohatsuaren irudi txiki bat ikusiko duzu: erlijiosa jesuitina izan zen, Tolosako alaba, gazterik hila.
Hirugarren erretaulan, Errosarioko Andre Mariaren irudi ederra duzu, aurpegi fin eta goxokoa, laino baten gainean zutik. Laino honetatik aingerutxo irudiak ateratzen dira. Jesus Haurra darama besoan eta biek errosarioa erakusten digute.
Eskuinaldeko erretaula hauen gainaldean hiru mural edo horma-irudi handi eta eder ikus dezakegu. Eugenio Azkue margolari oriotarrak eginak dira 1856 eta 1858 bitartean. Atzekoan, Jesus Lazaro berpizten ikus daiteke; erdikoan, “Emakume adulteriogilea Jesusen aurrean”; eta aurrekoan, “Kristoren piztuera”.
Eskuinaldetik aurrera joanda, sakristiarako ate gainean, XVI. mendeko erliebe bikaina ikus dezakezu, “Jaunaren hilobiratzea” irudikatuz. Joannes Anchieta eskultore azpeitiar ospetsuak egina.
Iparraldeko horman, ezkerraldekoan, aurrena Paduako San Antonio ikusiko duzu, Jesus Haurra besoetan daramala. Ez dute santu asko irudikatzen horrela, Jesus Haurra besoetan duela.
Ondoren, erdian, San Joan Bataiatzailea ageri da. Eskuineko eskuaz Bildotsa erakusten digu, Jesu Kristoren sinboloa. Ezkerrekoan zutoihal edo estandartea daraman, berak Jesusi buruz esandako hitzak dituela: “Hona Jainkoaren Bildotsa” (Ecce Agnus Dei).
Aurreko erretaulan Kalbarioko eszena ikus daiteke: Jesus gurutziltzatua, eta gurutze- oinean Ama Birjina bere Semeari saminki begira eta San Joan, Jesusek maite zuen ikaslea, eskua bular gainean duela, atsekabea adieraziz bere Jauna hila ikustean. Eszena honen azpiko aldarean sagrarioa ikus dezakezu. Ohartu gabe igaro gaitezke horren aurretik, baina hortxe dugu elizako altxorrik ederrena: eukaristi ogiaren irudipean, Jauna bera gure artean, sagrarioan gordea. Hor dugu, bai, etengabe Kristo bera, gu Jainkoarekin adiskidetu gaituen Salbatzailea, betiko bizia ematen ari zaigun Eroslea. Sagrario hau harzurizkoa da.
Ezkerraldeko hiru erretaula hauen gainaldean, beste hiru horma-irudi edo mural ikus dezakegu, Itun Zaharreko hiru eszena irudikatuz: atzekoan, “David, Saul erregearen ezten-makila saihestuz”; erdikoan, “Salomon erregearen epaia”, eta aurrekoan, “Moises uretatik aterea”.
Ezkerraldetik aurrera joanda, kaperako sarreraren gainean, “Pietá” zirraragarria ikus dezakegu, Joannes Anchietak XVI. mendean egina hau ere. Andre Mariak bere magalean hartu du Seme hila, gurutzetik eraistean. Margo gorristak biziki adierazten du Amaren nahigabea.
Elizaren erdiko trantsitoko zoruan metalezko biribil doratu batzuk daude. “Kalbarioak” deritzan otoitza (VIA CRUCIS, GURUTZE BIDEA) egiteko hamalau egonaldiak non egin adierazten dute. Gurutzea bizkarrean zeramala, Jesusek Kalbariorantz egindako nekezko bidea otoitzean oroitzera gonbidatzen gaituzte. Iparraldeko eta hegoaldeko hormetan ikus ditzakezu zintzilikatuak, bide horretako hamalau guneak irudikatzen dituzten koadroak. Gurutze-bidea Jesus hilobiratzea gogoratuz bukatu arren, ezin zaigu ahaztu Jesu Kristo piztu egin zela hirugarren egunean eta Jainkoagan bizi dela bete-betean: VIA LUCIS.
Elizaren atzealdean, koruan, Stoltz Frères organo erromantiko bikaina ikus dezakezu. Felipe Gorriti konpositore eta organo-jole ospetsuak 1885ean Parisen erosia da. Haize-hodi edo tuboen gainean San Migel goiaingeruaren irudia ikus daiteke, herensugea zanpatua duela; dantza antzeko mugimendua eragin diezaioke organo-joleak.
Ikus dezagun elizaren aurrealdea. Presbiteriorako eskailera barrenean, harrizko bataio-ponte sendoa ikusiko duzu, Bataiotegitik horra ekarria 1990. urte inguruan. Gotiko tankerakoa da, zenbait irudi zizelkatu duela. Horietako bat, txarro bat liliekin, “Orden de la Terraza” delakoaren sinboloa da. Ordena hau Nafarroako errege Gartziak sortu zuen 1044an. Mende asko da, kristau tolosarrek ponte horretan hartzen dutela bataioa, Kristorekin elkartuz. Bataioa da kristau-elkarteko kide izateko eta gainerako sakramentuak hartzeko sarbidea.
“Bene-benetan diotsut: Ezin da inor Jainkoaren erreinuan sartu, baldin uretik eta Espiritutik jaiotzen ez bada”
Joan 3, 5
Absidean dagoen koadro nagusia Antonio Landa Zabala margolari bergararrak 1829an egina da. Andre Mariaren Jasokundea irudikatzen du. Gertaera honen izenpean dago eraikia Tolosako parrokia. Mundu honetako bizialdia burutzean, Ama Birjina, gorputz eta arima, aingeruek zerura jaso (eraman) zutela oroitarazten du eta, han, Jainkoak koroatu zuela, zeru-lurren Erregina izendatuz. Koadro honen gainaldean, erliebe handi bat ikus daiteke, Joan Bataiatzailea Jordan ibai ertzean predikatzen irudikatzen duelarik.
Hemen bukatuko dugu ikustaldia. Artea eta fedea uztartzen ahalegindu gera. Ikustaldia zure gustukoa izango zelakoan gaude.
Elizatik atera aurretik, on izango zenuke geldialditxo bat egitea, isilean eta otoitzean, Jainkoa goretsiz eta sagrarioan gurekin dela eskertuz.
Zure eskura jartzen ditugu otoitz batzuk, kontenplazio-une bat bizitzen laguntzeko. Gainera, testuan esteka batzuk jarri dizkizugu, erretauletan ikusitako santuen bizitzaz gehixeago jakin nahi bazenu ere.
“Kristok bere odolaz lortu digu salbamena. Izan ere, dena grazia da, Jainkoak neurrigabeko bere maitasunaz guri egindako dohaina”
OROITU
Oroitu, oh Andra Mari errukiorra!, inoiz ez dela esan inork ez duela babes gabe utzi, zure laguntza eskatzen zure aurrean joan direnen artean.
Konfiantzari esker, Zugana nator, Ama, birjinen Ama Birjina, eta nire bekatuen pisuaren azpian adiakatzen, Zure aurrean aurkeztera ausartzen naiz
Jainkoaren Ama, ez baztertu nire erreguak, baina entzun eta onar itzazu maitasunez. Amen.
MAGNIFICAT
Jaunaren handitasuna dut goresten,
pozaren pozez daukat barrena,
Jainkoa baitut salbatzaile.
Bere mirabe ezerez honengan jarri ditu begiak;
horregatik, dohatsu deituko naute guztiek gaurdanik.
Gauza handiak egin ditu nire alde Ahalguztidunak.
Santua da eta gizaldiz gizaldi errukitsua
begirune diotenentzat.
Bere indar guztiaz jokatu du:
buru-harroak suntsitu ditu,
ahaltsuak goi-postuetatik bota
eta ezerezak gora jaso;
ondasunez bete ditu gose zeudenak,
eta esku-hutsik bidali aberatsak;
lagun etorri zaio bere herri Israeli,
bere errukiaz oroiturik:
hala hitzemana zien gure arbasoei,
Abrahami eta ondorengoei betiko.
Sartu eta ibili tenplutik
Eugenio María Azcueren artelanak
EGIN ZURE EKARPENA
LAGUNDU
Tenplua Jainkoaren etxea da eta gurea. Lagundu dezagun duin mantentzen. Tolosako Andre Maria Parrokia zaintzen lagundu nahi baduzu, egin dohaintza.